Herritarrek eskura duten helbide elektronikoa da egoitza elektronikoa; eta horren titularra Iruñerriko Mankomunitatea da, eta berari dagokio kudeatzea eta administratzea.
Herritarrek sarbidea izan dezaketen zerbitzu elektronikoak hartzen ditu Mankomunitatearen egoitza elektronikoak. Ez dago mugarik ordutegi aldetik, ez ilararik edo itxaron beharrik ere, eta egoitza fisikoko bulegoetara egin beharreko joan-etorriak murriztu edo bukatu egiten dira.
Egoitza elektronikotik zuzenean sartzen ahal da erregistro elektronikoan, eta bertan helburu horretarako dauden formularioak aurkezten ahal dituzte herritarrek; zehazki, Mankomunitateari dagozkion prozeduren eta gaien gaineko formularioak dira. Gainera, erregistro fisikoan aurkeztuta izango luketen segurtasun juridiko berbera dute hala eginda.
Horrez gain, berariazko beste atal batzuk daude eta, hartara, herritar ororentzat interesgarria izan daitekeen informazioa ematen da, esate baterako, egutegi ofiziala, administrazio elektronikoari buruzko araudia, onartzen diren ziurtagiri elektronikoen zerrenda, eta administrazio elektronikoa erabiltzea, zabaltzea eta ezagutzea errazteko progresiboki gehitzen joango dena.
Zerbitzu elektronikoak eguneko hogeita lau orduetan erabil daitezke, urteko egun guztietan, arrazoi teknikoen ondorioz erabilgarri ez daudenetan izan ezik. Kasu horretan, aurretik ahalik eta azkarrena emango da horren berri eta komunikaziorako beste bide batzuk emango dira.
Administrazio Elektronikoaren Ordenantza gauzatzeko helburuarekin sortu da Iruñerriko Mankomunitateko egoitza elektronikoa. Zehazki, ordenantza horren testua egoitza honetako “Araudia” atalean dago.
Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak kofinantzatu du proiektua, 2008-2011 eperako Ikerketa Zientifikoaren, Garapenaren eta Berrikuntza Teknologikoaren Plan Nazionalaren barnean. Txostenaren identifikazio zenbakia hau da: TSI-050100-2008-80.